|
2.1. Planaren xedea eta norainokoa
Boluntariotzako Euskal Plan hau, hasiera
batean, onesten denetik kontatzen hasi eta hiru urteko
aldi batean pentsatuz landu da. Aldi hori, instituzio
baten edo bestearen ziklo politikoak kontuan izan gabe
ezarri da. Lehen Plan honentzat hiru urteko aldia egokitzat
jo dugu, esperimentala eta aitzindaria dela kontuan
izanik. Ondoren egiten diren planetan aldi edo epe luzeagoa
ezartzeko aukera aztertuko da. Dena den, ezarritako
hiru urteko epean inplikaturiko eragile edo agenteei
urteko jarduketa proiektu edo proposamenak egitea proposatuko
zaie, Planaren helburuak lortzeko arian ariko aurrerabidearen
mesedetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan boluntariotzaren
alorrean diharduten eragile edo agente guztien estrategiak
eta jarduketak bultzatu eta uztartzea du helburu. Hala
ere, hori ez da inolako oztopoa izango Eusko Jaurlaritzak,
bera baita Plana onesten duena, hemen proposatzen diren
orientabideak hartu eta aplikatzerakoan agente edo eragile
publiko eta pribatu horietako bakoitzaren autonomia
errespetatu eta indartu nahi izango balu.
Plan honek, Eusko Jaurlaritzako sail
ezberdinen, Foru Aldundien, Udalen, boluntarioak dituzten
erakundeen eta beste gizarte-eragile edo agenteen planen
eta ekintzen sinergiarik interesgarrienak eta adostasun-mailarik
handiena lortu nahi du. Plana lantzeko prozesua, zeinean
agente horiek guztiek parte hartu duten eta konprometitu
diren, goian adierazitakoa lortzeko oinarri garrantzitsua
da.
Boluntariotzako Euskal Plana, plan estrategikoa
eta irekia dela ulertzen da. Estrategikoa da, boluntariotzaren
etorkizunean eragin handia izan nahi duten helburuak
eta jarduketa-lerroak proposatzen dituelako. Plan honen
helburua ez da gure erkidegoan boluntariotzarekin erlazioren
bat duten plan eta jarduketa ezberdinak biltzen dituen
dokumentu soila izatea, orain arte egindakoa onartuz
eta errespetatuz, euskal boluntariotzaren errealitatea
aldatu edo hobetzeko prozesu batean pixkanaka borondate
operatiboak bateratuko dituen proposamen estrategiko
bat lantzen hastea baizik. Plan batek, estrategikoa
izan dadin, egingarria den eta aldi berean eragin handiagoa
lortzen duen jarduera aukeratzen asmatu behar du.
Boluntariotzako
Euskal Plana baliabide ireki eta dinamikoa izateko landu
da, eta beraz, gauzatzen ari denean bitarteko ebaluazioak
eta kanpoko faktore edo gorabehera ezberdinen ondoriozko
doikuntzak egin daitezke, ez badute plana ahultzen,
noski. Horregatik, euskal boluntariotza gauzatzen den
esparruan eragina duten erabaki edo egoera politikoak,
ekonomikoak edo bestelakoak arretaz aztertu beharko
dira.
2.2. Erreferentziazko Kontzeptuak
Plan honen ondorioetarako, funtsezko
zenbait kontzeptu azpimarratu nahi ditugu, horiek aldez
aurretik argitu gabe plana egitea edo ulertzea zaila
izango litzatekeelako. Lehenengoa boluntariotzaren kontzeptua
da, Euskal Autonomia Erkidegoko Boluntariotzari buruzko
Legean adierazten dena. Legearen 2. artikuluan ondokoa
dio: "pertsona fisikoek aurrera eramaten dituzten
interes orokorreko ekimenen multzoa da boluntariotza,
ekimen horiek honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Norberaren probetxurako ezer lortzeko
asmorik gabekoak izatea eta elkartasunak bultzatuak
izatea.
b) Borondatezkoak eta askatasun osoz eginak izatea;
arrazoia lan, funtzionariotza edo merkataritza-harremana
ez izatea, ez eta obligazio pertsonala edo betebehar
juridikoa ere.
c) Irabazi-asmorik ez duten erakundeen bidez eta programa
edo egitasmo zehatzei jarraiki eginak izatea.
d) Ordainsaririk gabeak izatea.
e) Ordaindutako zerbitzu profesionalak inolaz ere ez
ordezkatzea".
Oso garrantzitsua izango da boluntariotzaren
kontzeptua ongi definitu eta mugatzea eta, adibidez,
konpromisoari, egonkortasunari, autonomiari, dedikazioari
eta antzeko kontzeptuei lotzea. Edonola ere, Plan honek
suspertzea eta bateratzea du helburu, eta boluntariotzaren
kontzeptuaren hainbat erabilera bidezko daudela onartzen
da, pertsona askok beren burua oso zentzu ezberdinetan
hartzen baitute boluntariotzat.
Definizioarekin jarraituz, Legearen 3.
artikuluak ondokoa dio: "interes orokorrekotzat
jotzen diren ekimenak honakoak dira: gizartearen edo
pertsonaren onerako lan egiteko konpromisoa dutenak,
esparrua edozein dela ere, hots, gizartea, komunitatea,
hiria, kultura, garapena, ingurumenaren babesa edo antzekoa".
Gure ustez, aurreko idatz-zatiak, zenbait
esparru espresuki aipatu ondoren "edo antzekoa"
adierazten duenean, horietan barne hartutzat jo daitezkeen
esparruetan edo beste zenbait esparrutan boluntariotzari
atea zabalik uzten dio. Izan ere, hezkuntza, osasuna,
astialdia, babes zibila, kirola edo erlijioa aipa daitezke,
besteak beste. Bestalde, adierazi behar da sailkapen
hauek, askotan, boluntariotzatik kanpo fenomeno horri
buruz dagoen ikuspegiarekin zerikusi handiagoa dutela,
boluntarioen bizipenarekin baino.
Jasotako definiziora itzuliz, boluntarioen
eta erakundeen arteko lotura argi eta garbi agertzen
da. Euskal Autonomia Erkidegoko Boluntariotzari buruzko
Legearen 8. artikuluaren arabera, "Boluntarioak
dituzten erakundeek, edozein lege-ereduri dagozkiola
ere, baldintza hauek bete beharko dituzte: legearen
arabera osatuak izatea, nortasun juridiko propioa edukitzea,
irabazi-asmorik ez izatea, Euskal Autonomia Erkidegoaren
eskumenen barruan fundazio eta elkarteei dagokien erregistroan
behar bezala erregistratuta egotea eta interes orokorreko
ekintzen barruan programak edo egitasmoak garatzea (lege
honetako 3. artikuluan zehaztuak)".
Ondoren, zera dio: "boluntariotzako
erakunde izendapena ondoko hauek hartuko dute: aurreko
baldintzak betetzeaz gain kide gehienak boluntarioak
dituztelarik, egiten dituzten programa edo egitasmo
gehienak batik bat boluntarioen bidez egiten dituzten
erakundeek".
Plan honi begira,
erakundeei buruz hitz egiten dugunean, boluntarioak
dituzten erakunde guztiak aipatuko ditugu, une honetan
boluntariotzako erakundeen (legeak adierazten duen zentzu
hertsian) eta boluntarioak dituzten gainerako erakundeen
arteko desberdintasuna ezarri gabe. Eta irizpide berari
jarraitu zaio Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren
funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko
zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000
Dekretuan.
2.3. Boluntariotzaren esparrua
Politika publikoek, oro har, eta Boluntariotzako
Euskal Planak, bereziki, esparru jakin batean eragina
izatea du helburu, eta esparru horretan, Plana onesten
duen instituzio publikoaz gain kontuan izan behar diren
beste eragile eta dinamika batzuk egon badaude (ikus
1. eranskina).
Boluntariotzaren esparrua irudikatu nahi
badugu, lehenik boluntarioen ekintzaren xede diren pertsona
eta komunitateei erreparatu behar diegu. Horiek dira
boluntariotzaren izateko arrazoia, eta horiei eta horien
premiei jarraiki orientatu beharko da boluntarioen ekintza.
Boluntariotza aipatzen dugunean, pertsona
batzuek baldintza jakin batzuetan burututako jarduera-sorta
bati buruz hitz egiten ari garela esango dugu ondoren.
Lehenik eta behin, adierazi beharra dago pertsona asko
boluntarioak direla baina ez direla horretaz ohartzen.
Hau da, boluntariotza (edo boluntarioa) hitza espazio
legegile, politiko, zientifiko, mediatiko edo sozial
jakin batzuetan oro har erabiltzen den arren, horrek
ez du esan nahi benetan dauden boluntarioek beren nortasuna
irudikatu edo eraikitzeko hitz hori erabiltzen dutenik.
Era berean, boluntarioak dituzten erakundeek,
nortasuna eraikitzerakoan, sozialki aurkezterakoan eta
espazio publikoan jarduterakoan ez dute beti boluntariotzaren
kontzeptua erabiltzen. Boluntarioak dituen erakunde
batek identifikatu eta garatzeko erabil ditzakeen alderdiei
dagokienez, boluntariotzaren alderdiaz gain, eta hiru
adibide ezartzearren, erakundearen zeregina, haren kideen
ezaugarriren bat edo kokapen geografikoa aipa ditzakegu.
Beraz, hiru adibideekin jarraituz, alkoholismoaren prebentziorako
erakunde batek, emakume-erakunde batek edo auzo jakin
bateko erakunde batek boluntarioak izan ditzake edo,
nolabait esateko, boluntariotzako erakunde ere izan
daiteke, era horretan identifikatzen ez den arren.
Edonola ere, erakunde horiek, bertan
boluntarioek garrantzi handia duten ala ez edo boluntarioak
dituzten erakundeak direla ohartzen diren ala ez kontuan
izan gabe, aztertzen ari garen esparruan kontuan izan
beharreko eragile garrantzitsuak dira. Garrantzitsuak
dira, halaber, erakunde horiek osatzen dituzten sareak
(edo federazioak, edo plataformak, kasuen arabera),
askotan sare horietan boluntarioak dituzten erakundeak
boluntarioak ez dituztenekin elkartzen diren arren,
adibidez beste zeregin komun bat dela medio.
Adierazpen hori ez da alferrikakoa, izan
ere, normala dirudi erakunde bat xede berbera duten
beste batzuekin taldekatzea edo koordinatzea (boluntarioak
dituzten ala ez berdin diolarik). Normalki, erakunde
horien helburu nagusia hartzaileak dira, gainera horrela
behar du izan, eta haien beharrizan eta nahiei erantzun
egokia ematen saiatzen dira. Horrela, boluntariotza
zeharkako tresna garrantzitsua da, baina ez du nahitaez
lehentasuna izan behar erakundeen autoidentifikazio,
garapen eta artikulazioan.
Esparru horretan jarraituz, hainbat mailatako
herri-administrazioak ere aurki ditzakegu (gutxienez,
nazioartekoak, estatuetakoak, erkidegoetakoak, lurraldeetakoak
eta udaletakoak). Berriro azpimarratu nahi dugu administrazioak
erakundeekin batez ere egiten dituzten zerbitzuen edo
esku-hartzeen arabera erlazionatzen direla (eta boluntarioak
edukitzea ala ez, bigarren maila batean geratzen da).
Beraz, herri-administrazioen eta sare eta erakundeen
arteko elkarrizketa-prozesuetan boluntariotza, berriz
ere, zeharkako edo bigarren mailako elementua izango
da, eta gainera oso logikoa dirudi hori horrela izatea.
Baina hori ez da beti horrela gertatzen,
izan ere, herri-administrazioek, zenbait kasutan eta
neurri jakin batean, boluntariotza elkarrizketaren eta
esku-hartzearen oinarrizko elementutzat ere hartzen
baitute. Hori kontuan izanik, funtsezkoa da esku-hartze
publikoen barruan bi mota bereiztea: alde batetik, boluntariotzarekin
(zuzenean) erlazionatuta dagoen esku-hartzea, eta bestetik,
boluntariotzarengan (zeharkako) eragina izan dezakeen
beste topiko batzuei loturik dagoen esku-hartzea.
Gauza batek argi geratu behar du: esku-hartze
publikoaren sailkapena egiterakoan (boluntariotzarekin
zuzenean edo zeharka erlazionatuta dagoen kontuan izanik),
ez dugu kontuan hartzen instituzio horrek "boluntariotza"
hitza erabiltzen duen ala ez. Bestalde, zuzeneko esku-hartzea
nahiz zeharkakoa deritzegun horiek ezinbestekoak dira,
eta horien arteko koherentzia eta sinergia bilatu behar
da.
Esparru honen barruan, Euskal Autonomia
Erkidegoko hiru lurraldeetan eta beste zenbait lekutan
boluntariotzarekin erlazionaturik sortu diren agentziak
deiturikoak nortasun propioa duten agente gisa definitu
ditugu. Gure ustez, elkarren artean ezberdintasunak
izan arren, gure ingurunean nortasun propioa duten eta
ekarpen espezifikoak egiten dituzten eragiletzat har
ditzakegu.
Azkenik, ingurune soziala aipatu behar
dugu, eta honen barruan bereziki interesgarriak izan
daitezke (lehendik aipatu ditugun erakundeen jardueraren
pertsona hartzaileekin batera) sindikatuak, mugimendu
sozialak, boluntariorik ez duten hirugarren sektoreko
erakundeak, komunikabideak, elizak, enpresak edo hezkuntzaren
mundua, esate baterako. Boluntariotzari laguntza-mota
ezberdinak ematea erabaki duten Aurrezki Kutxak edo
Fundazioak bezalako erakundeek garrantzi berezia izan
dezakete.
Plan hau lantzerakoan agente horiek
guztiek parte hartu dute, eta lehendik egiten ari ziren
lana abiapuntutzat hartu da. Edonola ere, esparru konplexu
honetan esku-hartzearen hartzaile diren eragile edo
agenteengan modu ezberdinean eragina izango duten helburuak
eta ekintza-lerroak ezarriko dira. Aipatutako eragile
edo agenteetako bakoitzaren beharrizanak eta ekarpenak
askotarikoak izan daitezke, baina horiek guztiak Plan
honetan bildu behar dira, proposamen estrategikoa den
neurrian.
2.4. Euskal Autonomia Erkidegoko boluntariotzaren
egoeraren diagnostikoa
Boluntariotzako Euskal Plan honetan,
bere ezaugarriak kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko
boluntariotzaren egoeraren azterketa, ebaluazioa edo
diagnostikoa egin behar dela uste dugu. Eta ondoren
hautatzen diren helburuak eta ekintza-lerroak horretan
oinarrituko dira. Hemen aurkezten dugun diagnostikoa
egiteko, orain arte eskura egon den informazioa kontuan
izan da, eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluan prozesatu
da.
Plana gauzatzeak analisiak eta balorazioak
egiteko oinarri izango diren ebidentzia berriak edukitzeko
aukera ematen duen neurrian, hemen aurkezten den diagnostikoa
aberastu edo zuzendu ahal izango da, eta Boluntariotzaren
Euskal Kontseiluak, Legeak ezarritakoaren arabera, gaiarekin
erlazionatuta dauden politika publikoen oinarri gisara
beharrezkoa den boluntariotzaren egoerari buruzko hausnarketa
eta balorazioan protagonista berezia izango da.
Diagnostiko hau garatzeko, indarguneak,
ahuleziak, aukerak eta arriskuak barne hartzen dituen
eskema ezaguna erabiliko dugu, boluntariotzara eta bere
ingurune sozialera dinamikoki hurbiltzeko aukera ematen
digula uste baitugu. Eskema hau erabiltzen den guztietan
egin ohi dugun bezala, adierazi behar dugu alderdi bakoitza
atal batean edo bestean sartzea erlatibizatu egin behar
dela, adibidez zenbait ahulezia indargune bihur daitezkeelako
eta, aldiz, zenbait arrisku aukera.
2.4.1. Indarguneak
Euskal Autonomia Erkidegoko boluntariotzan
aurkitzen ditugun indarguneak hautatu eta, hasiera batean
eskematikoki, adierazi behar izango bagenitu, ondoko
hauek adieraziko genituzke:
2.4.1.1. Boluntariotzaren lehen indargunea,
seguru asko, barne biltzen eta transmititzen dituen
balioen giza kalitate sakona da. Izan ere, jakin badakigu
gaur eta hemen boluntariotza deritzoguna ez dela fenomeno
berria, gure gizartean eta beste batzuetan oso zaharrak
diren balio eta praktiken bertsio berri bat baizik.
2.4.1.2. Bigarren indargunea da Euskal
Herrian elkartzeko edo lankidetzan jarduteko tradizio
edo espiritu sendoa dagoela, eta hori frogatzeko, adierazi
behar da gure herria, kasu askotan, aitzindari izan
dela gizarteratzeko eta ekintza kolektiborako era ezberdinak
sortzeko eta garatzeko garaian.
2.4.1.3. Nahiz eta zenbait erakundek
joera-aldaketa bat hasi ote den adierazten duten, badirudi
gure inguruko herrialdeetan boluntariotza aztertzen
duten adituak nahiko ados daudela boluntariotza kuantitatiboki
hazten ari den fenomenoa dela adierazteko garaian, azken
hamarkadak aztertzen baditugu behitzat. Gure kasuan
%10aren inguruko zifrak erabili ohi ditugu boluntario-kopuruari
buruz hitz egiterakoan, egin diren azterlanek, esate
baterako, denbora-dedikazioari edo pertsona bat boluntariotzat
hartzeari ala ez hartzeari dagokionez irizpide ezberdinak
erabiltzen dituzten arren.
2.4.1.4. Gure ustez, gizartean duen onarpena
eta izen ona pixkanaka (gorabeherak dituen arren) hobetzen
ari den errealitatea da, eta jaso izan dituen kritikak
eta erreparoak gutxitzen joan dira. Batez ere hirugarren
sektorea ukitzen duen fenomenoa da, eta baliteke ekonomiaren
ikuspuntutik sektore garrantzitsu gisa sendotzea eta
onartua izatea, eta antolatzen den gizarte zibilak globalizazio-prozesuan
eragile garrantzitsu gisa balioberritzea, sozialismo
errealaren porrotaren ondoren.
2.4.1.5. Pixkanaka bada ere, boluntariotzaren
barruan heterogeneotasuna gehitzen ari da. Emakumeek,
betidanik, beste gizarte-eremu batzuetan baino presentzia
handiagoa izan dute boluntariotzan, eta gaur egun, adibidez,
adinari dagokionez aniztasuna handitzen ari da, gero
eta pertsona helduagoek boluntariotzan dihardutelako.
Bestalde, boluntarioen artean gero eta gehiago ikus
daitezke hasiera batean boluntariotzaren hartzailetzat
hartuak izan diren gizataldeetako pertsonak (bi adibide:
ezintasunen bat duten pertsonak, eta etorkinak). Gero
eta onartuagoa dago boluntariotzan mota guztietako pertsonek
parte har dezaketela.
2.4.1.6. Era berean, oso beharrezkoa
dirudi gaur egungo boluntariotza eratzeko beste alderdi
garrantzitsu bat biltzea: boluntarioak erakunde bat
baino gehiagoko kide izatea aldi berean. Gaiari buruzko
azterlan eta argitalpenek bildu dute alderdi hori, eta
erakundeetan sartzen diren boluntarioak hartzen dituzten
pertsonak horrekin ari dira; alderdi giltzarria da boluntarioen
nortasun berria ulertzeko eta boluntarioak ardatz nagusi
gisa dituzten galderak, planak eta programak egituratzeko.
2.4.1.7. Boluntariotzaren beste indargune
bat erakundeen heterogeneotasuna da. Boluntarioak dituzten
erakundeen neurrien, jarduketa-arloen (gizarte-boluntariotza
da nagusi) edo ikuspegi ideologikoen aniztasuna ere,
inolako zalantzarik gabe, indargune bat da. Era berean,
tokian tokiko (landa zein hiri mailakoa) inkardinazio
sendoa duten erakundeetatik hasi eta nazioarteko erakundeak
ere aurki ditzakegu..
2.4.1.8. Boluntariotzaren beste indargune
bat da haren esparrua egituratu eta sendotu egin dela.
Hona hemen hori frogatzen duten zenbait adibide: gaiari
loturiko legeria (eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren
sorkuntza), boluntariotzaren kontzeptuaren inguruan
sortutako sare-esperientziak, etika-kodeen lantzea,
Herri Administrazioek boluntariotzari emandako laguntzak,
edo Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan agentzia
espezializatuak agertzea..
2.4.1.9. Beste indargune bat, proposamen
sortzaileak, esperientzia berritzaileak eta, azken batean,
boluntariotza bezalako sare bizi eta aldakorrean askotan
agertzen diren praktika egokiak dira
2.4.1.10. Azterlanetan ikus daitekeenez,
beste indargune bat boluntarioek lortu duten kualifikazio
handia da (gainera, askotan boluntario-lanarekin erlazionaturiko
gaietan).
2.4.2. Ahuleziak
Euskal Autonomia Erkidegoko boluntariotzan
aurkitzen ditugun ahulezien artetik, ondoko hauek adieraziko
genituzke:
2.4.2.1. Indarguneen artean boluntario-kopurua
handitzen ari dela aipatu dugun arren, eta nahiz eta
alderdi kuantitatiboa garrantzitsuena ez den, ezin dugu
ahaztu azterlan askoren arabera gure boluntariotzaren
neurria (eta, oro har, hirugarren sektorearena) oraindik
ere gure inguruko herrialdeetakoa baino txikiagoa dela,
herrialde horietan boluntariotzak eta elkarlanak gurean
baino tradizio handiagoa dutelako.
2.4.2.2. Sektore honetan, boluntario
askok lan-konpromisoa erraz hausten edo eteten dutela
aipatu ohi da (eta ondorioz, erakundeetan eta sektorean
oroimen historikoa galtzen da, eta erantzukizunetan
errelebua emateko zailtasunak daude). Zenbaitetan honi
boluntariotzaren ikuspegi edo bizipen utilitarista edo
instrumentala lotzen zaio, askotan funtsik gabeko moden
eraginpean edo lan-munduratzearen logikaren pean dagoelarik.
Fenomeno hau alderdi kulturalekin (balio sozialak),
boluntariotzaren normalizazio edo instituzionalizazioarekin
edo, beste adibide bat jartzearren, lan-merkatuak gaur
egun azaltzen dituen zenbait ezaugarrirekin erlazionaturik
egon daiteke. Hala ere, gure inguruan boluntario gisa
laguntzeko gero eta aukera handiagoak eskaintzen dituzten
gero eta erakunde gehiago izatearekin erlazionatuta
egon daiteke.
2.4.2.3. Euskal boluntariotzaren beste
ahulezia bat da askotan bere burua boluntario gisa nerri
mugatuan identifikatzen duela. Erroldan oso erakunde
gutxi barne hartu izana da horren adibide garbia (gutxi
gorabehera 100 erakunde, eta berez milaka daude), horretarako
beste zenbait arrazoi badaude ere. Lehen adierazi dugun
bezala, zenbait erakunde boluntarioak dituzten erakunde
bezala egituratzeko esperientziak izan diren arren,
onartu beharra dago dinamika hori ahula dela erakundeak
egituratzeko beste dinamika batzuekin alderatuz gero.
Horren arrazoia zera da: boluntario askok ez dute eskubide
eta betebeharrei buruzko kontzientzia sendoa.
2.4.2.4. Gai honek eska dezkeen azterketa
sakonagoa alde batera utzita, boluntariotzaren beste
ahulezia bat ondokoa da: boluntarioak dituzten erakundeetan
zein herri-administrazioetan Boluntariotzaren Legea
ez da betetzen.
2.4.2.5. Beste ahulezia bat hauxe da:
Euskal Autonomia Erkidegoan boluntariotzaren errealitateari
buruzko oso ezagutza enpiriko eta kritiko (kuantitatiboa
eta kualitatiboa) eskasa. Era berean onartu behar da
euskal errealitate sozialaren edo une honetan aztertzen
ari garen interes-eremutik hurbil dauden errealitatearen
alderdi espezifikoen ezagutzara egin diren edo egiten
ari diren zenbait hurbilketa ez direla behar bezala
aprobetxatu boluntariotza-errealitatearen ezagutzaren
ikuspuntutik.
2.4.2.6. Esperientzia interesgarriak
egin diren arren, giza baliabide boluntarioen kudeaketa
egokia eta sistematikoa erakundeen (eta boluntariotza-esparruaren)
gainditu gabeko irakasgaia da, ez direlako boluntariotzaren
ekarpena planifikatu eta ebaluatzeko tresnak behar bezala
erabiltzen eta boluntarioei ez zaielako laguntza eskaintzen
ondoko gaietan: hurbilketan, hautaketan, integrazioan,
aintzat hartzen, prestakuntzan, parte-hartzean, laneko
osasuna zaintzen, lan-garapenean eta irteeran. Bestalde,
zenbait kasutan giza baliabideen kudeaketa praktika
desegokiak egiten dira, eskasiaren ondorioz boluntarioen
erabilera instrumental soila egiten baita.
2.4.2.7. Legeak proposatzen dituen informazioa
trukatzeko eta proposamenak egiteko baliabideek (zeinetan
boluntariotzaren esparruan adierazitako agente edo eragileak
barne hartuta dauden) oso egitura ahula dute eta eragile
edo agenteek oso gutxi ezagutzen dituzte. Boluntariotzaren
Euskal Kontseilua bera, horren guztiaren elementu nagusia
den arren, ez da oso ezaguna eta ez du onarpen handirik
lortu.
2.4.2.8. Esparru horretan, boluntarioen
beraien ordezkaritza-maila oso txikia da, eta askotan
barne hartuta dauden erakundeen izenean bertan boluntario
ez diharduten pertsonek hitz egiten dute.
2.4.2.9. Boluntariotza duten erakundeetan
emakumeen parte-hartze handia indargunetzat hartu dugun
arren, zenbait azterlanek adierazten dute boluntariotzaren
munduan generoen arteko bereizketa edo hesia nabarmena
dela, adibidez erakundeetan gizonei eta emakumeei ematen
zaizkien zeregin eta erantzukizunei dagokienez. Gauza
bera esan daiteke gizartean dauden beste diskriminazio-fenomeno
batzuei buruz, boluntariotzaren esparruan ez baitira
desagertzen.
2.4.2.10. Boluntariotzaren ahulezien
artean, ordezko gizarte-zerbitzua (dagoeneko desagertu
da) edo boluntario-jardueretan dihardutenei emandako
hautespen libreko unibertsitate-kredituak bezalako fenomenoetara
egokituta dauden zenbait dinamika daudela adieraz daiteke.
2.4.2.11. Azkenik, oro har irabazi-asmorik
gabeko sektorearen ahulezia batzuk boluntariotzaren
ahuleziatzat har ditzakegu. Horien artean, erakunde-kopuru
handi bat ukitzen dituztenak adierazi ohi dira: antolamenduaren
atomizazioa (txikia izateagatik, konexiorik ez izateagatik,
edota gaizki ulertutako lehiakortasunagatik), mendetasun
ekonomikoa (herri-administrazio batzuekiko klientelismoa),
eskura azpiegitura gutxi izatea, kudeaketaren eta ebaluazioaren
akatsak, konexio digital eskasa, eta internazionalizazio
kaskarra.
2.4.3. Aukerak
Euskal Autonomia Erkidegoko boluntariotzan
ditugun aukeretatik, ondoko hauek azpimarratuko genituzke:
2.4.3.1. Adituen ustez, gizartearen modernizazio-prozesuak
eta haren konplexutasuna handitzeak, era berean, gizarte-premiei
erantzuteko baliabide ugari eskatzen dituzte. Testuinguru
honetan, komunitatea, estatua eta merkatuarekin batera,
hirugarren sektorearen egitekoa, eta honen barruan,
berezko nortasun eta protagonismoarekin, boluntariotzaren
munduaren egitekoa ez da zalantzan jartzen. Are gehiago
Europan, bertan diskurtso politikoak kapital soziala
("gizarte aktiboa" eta "herritarren parte-hartzea"
bezalako kontzeptuei loturik) lehiatzeko indarguneren
iturri iraunkoritzat hartzen baitu.
2.4.3.2. Modernizazio-prozesu horrek
(bizi itxaropenaren luzatzearekin, denbora eta espazioaren
erabileran izandako zenbait aldaketa garrantzitsurekin,
eta bizitzaren ibilbidean gero eta indibidualizazio
eta aniztasun handiagoarekin), boluntario-ekintzarako
une, espazio, erronka eta modalitate berriak eskaintzen
ditu, eta giza talde berriak boluntariotzan barne hartzea
ahalbidetzen du.
2.4.3.3. Botere publikoen, irabazizko
sektorearen, komunitatearen eta hirugarren sektorearen
arteko paper-banaketa ezberdin baten testuinguruan,
gobernuz kanpoko erakundeen munduak (eta bereziki boluntariotzak)
gizarte-sektore jakin batzuen aurrean duen ospe edo
onarpen soziala ere aukera interesgarria da, gizarteak
sektore honi loturik itxaropen garrantzitsuak dituen
neurrian.
2.4.3.4. Irabazizko enpresa-munduan iritzi
etiko jakin batzuei eta enpresen erantzukizun soziala
deiturikoari gero eta garrantzi handiagoa eman ohi zaie,
eta horren ondorioz, zenbaitetan boluntarioak dituzten
erakundeekin parte-hartze edo lankidetza-modu berriak
bilatzen dituzte.
2.4.3.5. Globalizazio-prozesuak, informazioaren
eta komunikazioaren teknologia berrien garapen garrantzitsuarekin,
boluntariotzari nazioarte-mailan egituratu eta indartzeko
aukera errazten dio, internazionalizazio horrek ekar
ditzakeen aberaste eta garapenarekin. Informazioaren
eta komunikazioaren teknologia berriek, edonola ere,
erlazionatzeko eta parte hartzeko espazio eta modalitate
berriak eskaintzen dituzte.
2.4.3.6. Ezagutzaren gizartetzat definitu
den gizartean gaude, eta badirudi erakundeen aktibo
ukiezinek aktibo ukigarriek baino balio handiagoa dutela.
Eraikitako ezagutzak, elkarren arteko sentipenak eta
balio komunak balio handiko ondare bihurtu dira, horiek
erlazio, sistematizazio eta ikaskuntza-prozesuetan kudeatzen
dakiten erakunde eta sareentzat.
2.4.4. Arriskuak
2.4.4.1. Boluntariotzak indar handirik
ez duenez gero, arriskuaren gizarte gisa definitutako
gizarte honetan arriskupean dagoela nabari du, aukerak
gehitzen zaizkion heinean arriskuak ere gehitzen zaizkiolako.
Arrisku horiek, adibidez, botere publikoetatik etor
daitezke, demokrazia-eremuak murrizteko nahi eta aukera
gehiago izan ditzaketelako, edota botere ekonomikoetatik,
askotan gizartearen kontrol txikiarekin eta nazioz gaindi
dihardutelako, bai eta botere mediatikoetatik ere, gure
gizarteetako kulturetan eragin handia dutelako.
2.4.4.2. Egungo gizarte-aldaketaren ezaugarriak
kontuan izanik (aldaketa bizkorra, lan-merkatuaren aldaketa
sakonak, gizartearen dualizazio eta desberdintasun handia,
sekularizazioa eta balio-aldaketa, eta pertsonek bizitzeko
aukeratzen dituzten biziguneen aniztasuna), boluntariotzako
erakundeak eta sareak erraz desorientatu eta gizarte-ingurunetik
deskonektatu daitezke, hura ulertzeko eta bertan barne
hartzeko ahaleginean.
2.4.4.3. Lan-merkatu baztertzaileak (adibidez,
gazteak, emakumeak edo erretiratzeko zorian dauden pertsona
helduak baztertzen dituena), krisialdian dagoen edo
berregituratzen ari den (bai eta, askotan, uzkurtzen
edo pribatizatzen ere) ongizate-sistemak, zenbait gizarte-mugimenduren
atzera-biltzeak, edo balio postmaterialista jakin batzuen
gaurkotasunak edo sustapenak boluntariotzaren gune edo
rol berriengan eragiten duten neurrian, boluntariotza,
nolabait esateko, ingurune eta prozesu horietan gertatzen
diren aldaketen mende dago.
2.4.4.4. Mezu eta marketan oinarritutako
gizartean, boluntariotzak ahuleziak izan ditzake bere
irudia kudeatzeko, hura berez den eta izan nahi duen
bezala agertzeko, beste gune eta agente batzuetatik
datozen diskurtso eta baloreen kolonizazioa jasan gabe,
izan ere, eragile edo agente horiei beharbada boluntariotzaren
zeregina bigarren mailakoa eta funtzionala izatea interesatzen
baitzaie. Parte-hartzea edo elkartasuna bezalako kontzeptuen
inguruan dagoen zarata eta anbiguotasuna dira horren
adibide argia, batez ere boluntariotza parte-hartze
eta elkartasun horientzat esparru pribilegiatu gisara
aurkeztu nahi denean, baina beste esparru bat besterik
ez da, beste batzuen osagarri.
2.4.4.5. Boluntariotzak izan dezakeen
beste arrisku bat ondokoa da: gizarteko beste eragile
edo agente batzuek bete behar dituzten guneetan boluntariotzaren
sasiko erabilera egitea, adibidez sozialki soldatapeko
enpleguaren berezko gisara sendotu diren eremuetan.
2.4.4.6. Era berean, boluntarioak dituzten
erakundeek herri-administrazioen zenbait xedapen eta
ekintza arriskutzat hartzen dituzte, batez ere kudeaketa-ahalmen
txikia duten erakundeen administrazioarekiko hurbilketa
oztopatzen duten eskakizun edo ahulezia burokratiko
asko ezartzen dituztelako. Era berean, boluntariotza-jardunaren
finantzaketa publikorako bitartekoen ezegonkortasuna
ere arriskutzat jotzen da.
2.4.4.7. Boluntarioek,
askotan, boluntariotza-jarduera jakin batzuk burutzerakoan
ia inolako laguntzarik gabe beren gain hartu behar dituzten
kostu ekonomiko eta profesionalak ere arriskutzat hartzen
dituzte.
2.5. Balioak
Boluntariotzari buruzko Legearen zioen
adierazpenean ondokoa adierazten da: "lege honen
ekarpen nagusia hauxe da; Euskal Administrazioak boluntariotza
sustatzeko hartzen duen konpromisoa, aldi berean herritar
guztiek gizartea eraikitzen jarduteko duten eskubidea
azpimarratuz". Ondoren, Lege horren 4. artikuluak
ondokoa dio: "Esparru ezberdinetako boluntariotzako
ekimenek balio hauek izango dituzte oinarrian: elkartasuna,
partaidetza, doakotasuna, autonomia aginte publikoen
aurrean, bereizkeriarik eza, aniztasuna, integrazioa,
prebentzioa, gizartearen sentsibilizazioa eta, oro har,
gizarte demokratiko, moderno eta parte-hartzaile, zuzen
eta berdintasunezko batean elkarbizitza errazten duten
balioak". Azkenik, 11. artikuluak berriro adierazten
du ez direla administrazioak beren erantzukizunetik
aske utzi behar.
Boluntariotzari buruzko Legeak, beraz,
printzipio, balio, aukera edo irizpide-esparru bat eskaintzen
du, eta Boluntariotzako Euskal Planak, noski, hori onartu
egiten du, ondoko ezaugarriak izango dituen boluntariotza
bultzatuz (kontuan izan ondoko elementuen ordenak ez
duela inolako lehentasunik adierazten):
· Askatasunean egindako doako
elkartasunaren eta gizarte-altruismoaren emaitza izatea.
· Boluntarioentzako atsegina, egokia eta osasungarria
izatea.
· Espazio publikoan herritarrek parte hartzeko
baliabide izatea.
· Sentsiblea eta hurbilekoa, eta gizartearen
beharrizanei eman beharreko erantzuna aurrez ikusteko
gai izatea.
· Oso ezberdinak diren pertsonak barne hartzea
eta erakartzea.
· Bere egitekoa besteen kalterako ez izatea,
aitzitik, soldatapeko enpleguarekin, ekonomi garapenarekin,
gizarte-sare ez formalekin edo herri-administrazioek
gizarte-premiei erantzuteko hartutako konpromisoarekin
erlazionatuta egotea.
· Sortzailea eta berritzailea izatea.
· Gizalegezko konpromisoaren adierazpen eta bultzatzaile
izatea.
· Botere publikoarekiko, irabazizko sektoreekiko
edo gizarteko beste agente edo eragileekiko autonomiaduna
izatea egituratzen denean, lankidetzarako proposamenak
aurkezten dituenean edo kritikak egiten dituenean.
· Gizarte-ehuna eraikitzen eta eraldatzen laguntzea
(kapital soziala, erlazio-kapitala eta balio erkideak
sortuz).
· Gizarte-bazterketa jasaten duten pertsona eta
ingurune ahulenei lehentasuna ematea.
· Elkarrizketarako ahalmena duten erakunde eta
sare sortzaile eta iraunkoretan parte hartzea, jardutea
eta egituratuta egotea.
· Kritikoa eta prestatua izatea.
Printzipio horiek funtsezkoak izango
dira, Planak praktika egokiak (eta praktika berritzaileak)
aipatzen dituenean edo boluntariotza esparru horretan
diharduen eragile-multzoaren politiken eta ekintzen
zeharkako elementu edo zuzeneko objektu gisa sartzeko
proposamena egiten duenean zer esan nahi duen ulertzeko.
Atal hau amaitzeko,
adierazi behar da Boluntariotzako Planaren helburuetako
bat proiektu eta ekimen askok boluntariotzaren sustapena
zeharkako elementu gisara barne hartzea dela, baina,
era berean, zeharkako elementuak eta, bereziki, generoaren
ikuspegia barne hartu behar dituela bereizkeria saihesteko
eta sexuen arteko berdintasuna bultzatzeko. Beraz, Plana
landu, burutu eta ebaluatzen denean, gizonen eta emakumeen
arteko desberdintasunak eta beste zenbait bidegabekeria
eta desberdintasun bultzatu eta areagotzen dituzten
politika, antolaketa eta kultur baliabideak edo beste
edozein baliabide identifikatu eta zuzentzeko konpromisoa
azpimarratu behar da.
|